Emaus Gizarte Fundazioak parte hartuko du Basque Circular Summit 2025 ekimenean, ekonomia zirkularrari buruzko Europako ekitaldirik handienean

Basque Circular Summit 2025

Emaus Gizarte Fundazioak parte hartuko du Basque Circular Summit 2025 ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak antolatzen du ekimen hori, Ihobe ingurumen kudeaketarako sozietate publikoaren bitartez. Bilbon (Euskalduna Jauregia) apirilaren 2tik 4ra egingo den goi-bilera horretan, enpresak, administrazio publikoak, gizarte-erakundeak eta ezagutza-erakundeak bilduko dira, eta eredu ekonomiko jasankorrago, berritzaileago eta inklusiboago baterako trantsizioa bizkortzea izango dute helburu.

FORUM esparruaren baitan, Emaus Gizarte Fundazioak eginkizun garrantzitsua beteko du hiru hitzaldi ezberdinetan parte hartuz. 

Apirilaren 2an, asteazkena, 09:00etatik 10:00etara, Emaus Gizarte Fundazioak, Circular Replay elkarteak eta Ecolec elkarteak, azken horrek Life WEEE-Loop proiektua gidatzen duen partzuergoaren ordezkari gisa, etxetresna elektrikoen berrerabilerari buruzko hitzaldi bat emango dute. Pieza eta osagaiak selektiboki nola berreskura daitezkeen landuko dute, baita nola sar daitezkeen berriro, Circpass zirkularitate-ziurtagiriaren babespean, balio-katearen barrura.

Egun berean, baina arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, Emaus Gizarte Fundazioak Konpontzeko Eskubideari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du. Ana Mezok, hau da, Ihoberen ekonomia zirkularreko proiektuaren arduradunak gidatuko du mahaia, eta erakunde publiko-pribatuetako eta ikerketaren esparruko beste 9 pertsona arituko dira haren ondoan. Konpontzeko eskubidearen arabera, fabrikatzaileek produktu bat konpontzeko behar diren tresna, pieza eta eskuliburu guztiak eman behar dizkiete herritarrei eta enpresa konpontzaileei. Zuzentarau berri horri eta produktua etiketatzeko sistema berriei esker, kontsumitzaileek errazago joko dute produktu bat konpontzera, ordezkatzera beharrean. 

Apirilaren 3an, osteguna, 10:30etik 11:30era, hitzaldi batean arituko dira Emaus Gizarte Fundazioa, Koopera eta Emaus Bilbao. Gune horretan aztertuko da gizarte ekonomiako euskal ereduak hondakinen kudeaketan egindako 50 urteko ibilbidea. Bilakaera hori eta egungo erronkak jorratuko dira hiru funtsezko fluxutan banatuta: ehungintza, tamaina handiko hondakinak eta TEEH (Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak). Saioan zehar balioa emango zaio euskal administrazioen (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak) eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako eredu horri. Izan ere, lankidetza horrek bide eman du hondakinak kudeatzeko sistema bat eraikitzeko. Sistema hori, ingurumenaren ikuspegitik eraginkorra izateaz gain, zinez eraldatzailea da arlo sozialean.

Parte hartuko duten erakundeen bidez jakinaraziko da nola lagundu duen eredu horrek enplegu inklusiboa sortzen, gizarteratzen eta laneratzen, eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) lerrokatutako ekonomia benetan zirkularra eta ekitatiboa eraikitzen. Era berean, saioan adieraziko dute eredu horrek zer-nolako garrantzia duen Ekoizlearen Erantzukizun Handiko Sistema Kolektiboak (SCRAP) ezartzeko eta hondakinen kudeaketan dabiltzan eragile guztien erantzunkidetasuna bultzatzeko.

FORUMean parte hartzen duten beste erakunde askok bezala, Emaus Gizarte Fundazioak, Koopera eta Emaus Bilbaorekin batera, stand bat (06) izango du VILLAGEn, bere proiektuak eta jarduerak ezagutarazteko.


Gainera, Emaus Gizarte Fundazioak Basque Circular Summit-eko Soluzio Zirkularren EXPOn parte hartuko du, "Produkturik zirkularrena" kategorian lehiatzen diren bi produktu aurkeztuz:
 

Ogitarteko-euskarri jasangarria

Gure gizarteratze- eta laneratze-tailerrean berrerabili, berreskuratu eta eraldatutako PVCzko publizitate-banderoletan oinarritu dugu. Produktu horrek, hondakinak murrizteaz gain, enplegu duina ekartzen die lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei.

Erabili eta berehala botatzeko bilgarrien erabilera minimizatzeko diseinatuta dago. Polimero ehun termoplastiko birziklatua du. Material hori ez da toxikoa, eta bai elikadurarako egokia. Segurtasuna eta jasangarritasuna bermatzen ditu erabiltzen dugun bakoitzean.

Motxila jasangarria

Ekodiseinatutako produktu baten bertsio hobetuan inspiratuta dago. AERESSen 2024ko Upcycling Awards sarietan aurkeztu zen, eta saria jaso zuen. Motxila hori erreferente bat da berrerabilerari eta jasangarritasunari dagokionez.

Artisauki egina dago. Tokiko enpresen industria-hondakinetatik (azoka-moketa, industria-ehuna eta kamioiak lotzeko zintak) abiatuta, baztertutako materialak produktu funtzional eta iraunkor bihurtzen ditugu. Prozesu osoa gure gizarteratze- eta laneratze-tailerrean egiten denez, enplegu duina ematen diegu lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenei.

(Ikusi) 45 urte ekonomia sozial eta zirkularra kudeatzen Gipuzkoan