Fundazioaren historiako mugarriak laburbilduko ditugu.

1980

  • Errenterian gazteen auzolandegia egin zen, Gipuzkoan Emaus talde egonkor eta iraunkorra sortzeko. Auzolandegi hori mugarria izan zen gaur egun Emaus Gizarte Fundazioa denaren hasiera.

1981

  • Lehen salmenta postu egonkorra ireki zen Donostian, Antigua auzoan.

1983

  • Errenteriako Emaus taldea Donostiara aldatu zen, bizileku eta lantoki izango zen erietxe zahar batera.

1986

  • Emausek Estatu osoko Bidezko Merkataritzako lehen denda ireki zuen Donostian, EREIN izenarekin.

1988

  • Emausek Ubako ikastetxe zaharrera lekualdatu zuen bere egoitza, bai bizileku modura, baita egoitza nagusi ere.

1990

  • Emausek ikastetxe, bulego eta zentro ofizialetan ekin zion paper eta kartoiaren lehen gaikako bilketari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Birziklatze lanaren inguruko lehen onarpen ofiziala jasotzen hasten da.

1992

  • ISLA programa abiatu zen UBAko etxean, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko programa, alegia; UBAko zentroan bizi zirenei lehendik boluntarioki ematen zitzaien laguntza profesionalizatzea ekarri zuen.

1994

  • Emaus hazi eta profesionalizatu egin zen, bi entitate sortuta: Fundazioa batetik, eta Emaus Kooperatiba lan elkartuko kooperatibarekin.

1998

  • Emaus Gipuzkoa gizarteratze enpresa sortu zen, hondakinen kudeaketarekin lotutako jardueretan gizarteratzeko eta laneratzeko lanpostuak profesionalizatzeko eta sortzeko.
  • Donostiako Alde Zaharreko bidezko merkataritzako denda Mendeurrenaren plazara lekualdatu zen, eta bigarren eskuko produktuen salmenta gehitu zitzaion ohiko jarduerari.
  • Bizkaiko lehen egoitza zentroa ireki zen, Gamiz herrian, Bitartean programa garatzeko. Programa hori gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden 45 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta 23 plaza ditu;  beraz, Donostiako UBA zentrokoekin bat eginda, une honetan, 43 egoitza plaza kudeatzen dira.

1999

  • Hitzarmena sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin, UBAko ISLA egoitza programaren kudeaketarako.

2003

  • Andoainen tamaina handiko hondakinak “atez ate” biltzeko zerbitzuaren lehen esleipena.

2004

  • Ingurumenaren Europako Saria, euskal enpresen atalean, Berrerabiltzeko eta/edo Birziklatzeko Zerbitzu Berritzailearen kategorian.

2005

  • Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion Javier Pradiniri (Emaus Gizarte Fundazioaren ordezkari gisa), hiriari emandako zerbitzuen balioa aitortuz.
  • UBA esku-hartze sozialeko zentroa birgaitu zen, Loiola auzoan, egoitzan 59 pertsona hartzeko aukera emanda.
  • Debagoienako Mankomunitatean ehun hondakinak eta antzekoak kudeatzeko zerbitzua esleitu zitzaion Emausi.

2006

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin egindako programa-kontratuan beste zerbitzu bat sartzen da: gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei bizitza independentea izateko aukera emango dien 3 etxebizitzatan arreta ematea. 11 plaza berri hauekin guztira 70era igotzen da egoitza arretarako gaitasuna.
  • Urola Erdiko Mankomunitatean tamaina handiko hondakinak gaika biltzeko zerbitzua esleitu zitzaion: kaleko eta etxeko bilketa.
  • Ingurumenaren Europako Saria, euskal enpresen atala, 2006, garapen iraunkorrerako Nazioarteko Lankidetzaren kategorian.

2007

  • Errenteriako Udalak Gaztelutxo Udal Harrera Zentroa kudeatzeko esleipena egin zuen. Horren bidez, 23 plaza eskaini ziren ostatu aukerarik gabe eta gizarte bazterkeriako edo  arriskuko egoeran dauden pertsonentzat. Zentro hori irekitzean egoitza arretako 93 plazara iritsi zen erakundea.
  • Fundazioan euskararen presentzia indartzeko asmoz, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailaren “Lan-Hitz” programaren laguntzarekin, euskarazko jarduerak egitea bultzatzen da.

2009

  • Irungo Ecocenter lantegia zabaldu zen, tamaina handiko hondakinak eta ehunezko hondakinak bildu, sailkatu eta baloratzeko jarduerak garatzeko.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin egindako programa-kontratuaren esparruan, balorazio psikosoziala eta orientazio proposamenak egiteko zerbitzua abiatu zen. Zerbitzu horrek gizarte bazterkeria baloratzeko tresna teknikoaren bidez egiten du lan, gizarte bazterkeriako egoerak baloratu eta aztertzeko.
  • Emausen eko-diseinatutako produktuen lineari ekin zitzaion, eta, upcycling-aren bidez, publizitate banderola zaharrak berreskuratzen hasi ziren, Donostiako Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Dibulgazio eta sentsibilizazio jardueren hasiera, “Tokiko kontsumo eta ekoizpen jasangarria urtaroetan zehar” proiektua diseinatuta eta gauzatuta, gure eguneroko ekintzetatik kontsumo arduratsuaren alternatibak kontzientziatzeko eta partekatzeko. Eusko Jaurlaritzako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako proiektua.

2010

  • Pasai San Pedroko Portuenea egoitza zentroa ireki eta abian jarri zen, 20 plazarekin, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak baloratu eta orientatzeko.

2011

  • Emaus Kooperatiba Elkarte bereizi egin zen eta modu autonomoan kudeatzen hasi.
  • Euskarak Fundazioan duen presentziari eta egoerari buruzko lehen barne diagnostikoa egiten da.
  • Sakonduz proiektu pilotua abian jarri zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin lankidetzan, industrialdeetako ehunen eta liburuen gaikako bilketa hobetzeko.
  • Ordura arte, arrisku egoeran edo gizarte bazterketako egoeran zeuden pertsonei eskaintzen zitzaien arreta batez ere bizilekua ematea zen; alde horretatik, berrikuntza bat eman zen Errenterian, bi okupazio tailer abian jarrita (Elkargune eta Joskintza, guztira 22 plaza), gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako laguntzak osatzeko.

2012

  • Lehen euskara plana diseinatu eta garatu zen, langileek ikastea eta erabiltzea bultzatzeko. Plana hiru urterako diseinatzen da: 2012-2015.
  • Eusko Jaurlaritzak emandako BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitate Ziurtagiria lortu zen.
  • Munto Zentroaren inaugurazioa Donostian. 21 egoitza plaza ditu, eta beste 21 eguneko zentroan, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak artatzeko. Kalteberatasun egoeran dauden pertsonentzako egoitza arretaren arloan sendotzen jarraitzen dugu, 134 plaza kudeatzera iritsita. Muntoko eguneko zentroa izan zen, hain zuzen ere, foru eskumeneko lehen eguneko zentroa.

2013

  • Emaus Lanbideren zentro laguntzaile gisa akreditatu zen Irungo eta Arrasateko zentroetan enplegurako prestakuntza emateko.
  • Produktu ekodiseinatuetarako lehen crowdfunding kanpaina abiarazi zen, produktu mota horietan interesa duten enpresa eta partikular asko posizionatzen eta ezagutarazten laguntzeko.
  • Unibertsitate eremuan ekonomia solidarioa txertatzeko eredu eta estrategia bat garatu zen, Ekimuin proiektuaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Donostiako Udalaren Lankidetza Negoziatuaren laguntzarekin.
  • Errenterian 3 egoitza plaza zabaldu ziren, laguntza izango duen etxebizitza bat irekiz. Horrela, 148 plazarekin erantzuten zaie intentsitate desberdineko laguntza premiei.

2014

  • Arrasateko Ecocenter-aren inaugurazioa, TEEH hondakinak, tamaina handiko hondakinak eta ehunkiak biltzeko, sailkatzeko eta tratatzeko jarduerak garatuz.

2015

  • Tolosaldeko mankomunitatea osatzen duten udalerrietan arropa eta bestelako ehunkiak gaika biltzeko zerbitzuaren esleipena.
  • Gipuzkoa Berritzen erakundeak Emaus aukeratu du erakunde pilotu gisa Guztion Ongiaren matrizea aplikatzeko.

2016

  • Gizarte bazterketari aurre egiteko INCLUE gizarte berrikuntzako proiektuaren sorrera, bizitzaren kalitatean, autonomia eskubideetan, pertsonen herritartasun aktiboan eta horien arteko desberdintasunean oinarritutako arreta eredu bat bideratzen duena.
  • 2012-2015 ekitaldietan egindako hiru urteko euskara planaren eraginaren ebaluazioa, emaitza positiboekin.
  • Besarkadak programaren aktibazioa, tokiko biztanleria eta migratzaileak komunitate ikuspegitik elkartzeko guneak sortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuaren laguntzari esker.
  • Donostiako Udalarekin lankidetzan, Donostiatruk bigarren eskuko merkatua kudeatzen hasi ziren, kontsumo arduratsua sustatzeko herritarren gune gisa.
  • Tamaina handiko hondakinak eta TEEH hondakinak biltzeko, berrerabiltzeko prestatzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko zerbitzuaren proba pilotuko zerbitzua ematen hasi ginen Intxaurrondo auzoan.
  • Isla programako 6 plaza birdefinitu ziren UBA zentroan, USTEZ programarako (Buru nahaste larria duten eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak artatzeko unitate espezializatua).

2017

  • Tokiko, nazioko eta Europako I+G+B proiektuetan parte hartzen hasi, inguruko enpresekin, zentro teknologikoekin eta beste interes talde batzuekin lankidetzan, hondakinen kudeaketa jardueretan eta pertsonen arreta ereduan berrikuntza sustatzeko, eta, horrela, haien ibilbideak aberasteko.
  • Emausek Mundaizera eramaten du bere egoitza nagusia, Egia auzoan, Tabakalerako eraikin enblematikoaren ondoan.
  • Bizi-Hezi ereduaren baterako diseinua hainbat eragile sozial, ekonomiko eta politikorekin, komunitate inklusiboak eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetza Sailaren eta Donostiako Udalaren Lankidetza Negoziatuaren laguntzari esker.
  • Gipuzkoako itsasertzeko lehen sentsibilizazio kanpaina, klima aldaketaz eta hondakinen kudeaketa egokiak ozeanoetan duen eraginaz kontzientziatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan.
  • Sendotu egin zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Bazterkeria Baloratzeko Zerbitzuari laguntzeko taldea, lau profesional gehiago sartuta (lehen bi zeuden, 2009tik lanean ari zen taldean).
  • Errenteriako Udalarekin esku hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzuaren kudeaketa hasten da, eta hori urrats bat gehiago da pertsonak ingurune hurbilenean eta modu anbulatorioan artatzeko.

2018

  • Gizarteratze arloaren presentzia handitzen da Bidasoa eskualdean eta Oarsoaldean, hiru zentro berri kudeatuta: Zubia gizarteratzeko zentroa Irunen (gaueko 29 plazarekin eta eguneko arretan batez beste 60 pertsona artatzeko aukerarekin), eta gaueko bi harrera zentro: bat Errenterian eta bestea Irunen. Bidasoa eguneko zentroa jarri zen martxan, foru mailako eguneko plazak 10 plazatan handituz (une honetan 31 plaza kudeatzen dira guztira); eta gizarte bazterketa larrian dauden emakumeei arreta espezializatua emateko egoitza zentro bat ireki da, 8 plazarekin. 157 egoitza plaza kudeatzen dira une horretan.
  • Lankidetza hitzarmen bat sinatu zen Irizarrekin ekodiseinu lerrorako: horren bidez, merchandising produktuak ekoizten dira autobus olanen soberakinak erabilita.
  • Debagoienako Mankomunitatean ehun hondakinak eta antzekoak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzua esleitzen zaigu.

2019

  • Ekonomia zirkularra, birziklatze sortzailea eta pedagogia aktiboa uztartzen dituen Birsortu gunea ireki eta egokitu zen Mundaizeko instalazioetan, Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan.
  • Intxaurrondo, Loiola eta Martutene auzoetan tamaina handiko hondakinak eta etxeko TEEHak biltzeko, berrerabiltzeko prestatzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko zerbitzuen kontratuaren esleipena.

2020

  • Egoitza arretaren eta arreta anbulatorioaren arteko konbinazioa sendotuz doa hainbat lekutan, arreta integratuagoa eskaini ahal izateko. Derioko (Bizkaia) gizarteratzeko eguneko zentroa inauguratzen da. 15 plaza ditu eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei ingurune komunitarioan ere eskaintzen die arreta. 37ra iristen dira eguneko arretarako plazak.
  • Egoitza plaza gehiago, Arrasaten bi etxebizitza lagundu berri irekita, guztira 20 arreta plaza gehiago erantsiz esparru horretakoei.
  • Beste 3 egoitza zentro gehiago zabaldu ziren COVID19 garaian, konfinamendu aldian etxe edo aterperik ez zuten pertsonak artatzeko: Igerain eta Belabaratz Zarautzen, eta Martindozenea Irunen. 75 plaza gehiago guztira.
  • Gaztelutxo udal harrera zentroa Belabaratz-era mugitzen dute, 36 plaza gehituz lehen zeudenei.
  • Urte horretan egoitza arretako 18 plaza gehituta, guztira 175 zeuden, baina urteko une jakin batzuetan 250 izatera iritsi ziren.
  • Mundaizen enplegurako prestakuntza zentro berri bat ireki zen.
  • Erakundeak Next Generation funts europarrak jasotzen ditu 2026ra arteko inbertsio plan bat bultzatzeko ekipamenduan, langileen prestakuntzan, digitalizazioan eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainetan, hiri hondakinak behar bezala entregatzeko. Horretarako, gure fundazioak hainbat erakunderekin lan egiten du, hala nola Impact Hub, MIK ikerketa zentroa eta Sareteknika enpresa.

2021

  • Hausnarketa estrategikoko prozesu bat abiatzen da.
  • Gobernantza eredua aldatzen hasten da.
  • Ion Irurzunek ordezkatuko du Javier Pradini lehendakaritzan.
  • Laguntzako teknikari gehiago hartzen dira, laneratzeko enpresen plantilla osoari estaldura emateko.
  • Egoitza arretako plazak handitu egiten dira, eta Arrasaten eta Idiazabalen etxebizitza berriak irekitze dira, 8 plaza guztira; beraz, une horretan egoitza zentroetan 185 plaza daude guztira.
  • OARSOALDEA eskualdeko foru laguntza zerbitzu berria abian jartzen da, modu esperimentalean, pertsonei inklusio prozesuetan laguntzeko, tokiko eta komunitateko ikuspegi batetik.

2022

  • Hausnarketa prozesu parte-hartzailea Fundazioan
  • Donostian bi denda berri irekitzea, publiko gazteagoa erakartzeko: bat erdialdean, Easo kalean; eta bigarrena Garberako merkataritza gunean, pop-up store formatuan.
  • Ekonomia zirkularraren eta ekodiseinatutako produktuen inguruko ikerketa proiektuetan parte hartzea: BabyCycle proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntzarekin garatua; eta Piloting proiektua, LAUDES Fundazioak sustatua eta Utrecht University, Conserve India, Smart Green Industry eta Ashoka enpresen partaidetzarekin.
  • Egoitza plazak handitu eta 7 plaza irekitzen dira Arrasaten eta Beasainen, laguntzadun etxebizitzetan. Eskualdeko foru laguntza zerbitzua ere finkatu (SEFAC), eta Bidasoa eta Donostia eskualdeetara zabaltzen da.
  • Javier Pradinik zuzendaritza nagusia uzten du.

2023

  • 2024-2026 plan estrategiko berria
  • Aitziber Zubillagak hartzen du Fundazioaren zuzendaritza nagusia.
  • 2024-2026 Plan Estrategikoa modu kolaboratibo eta parte-hartzailean definitzen da, eta inflexio puntu bat ezartzen du Fundazioaren etorkizunean.
  • Errenterian eta Hernanin bi denda berri irekitzen dira, ekonomia zirkularra sustatzeko eragin eremua handitzen lagunduz.
  • Zarautzen bi ekimen berri: Etxetik gaueko arreta zentroa, eta gizarteratze beharrei erantzuteko eguneko zentroa.
  • Produktu berriak sortzen dira (arropa eta aplikazio desberdinetako isolatzaileak) ehungintza hondakinetatik abiatuta, hiru eragile hauekin elkarlanean: jantzi eta moda alorreko “Ternua”, eraikuntza alorreko “Moyua” eta “Gaiker” ikerketa zentroa; hori guztia I+Gko Hazitek proiektu lehiakor baten baitan.
  • “Nomada Jaialdiaren” lehen edizioa. Kultura eragileen, gizarte eragileen eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboen arteko lankidetza ekosistemen dinamizaziotik sortutako espazioa da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak babestutako proiektua.
  • Eskualdeko Foru Laguntza Zerbitzua (SEFAC) Buruntzaldea eta Urola Kosta eskualdeetara zabaltzen da, horrela arreta esparru hurbilagotik eta komunitarioagotik sendotuz.
  • Aldi berean, hainbat zentro eta zerbitzu jarri ziren martxan Zarautzen, bertako Udalaren eta GFAren eskutik: Etxetik zerbitzua, 10 egoitza plaza ostatu aukerarik ez duten eta arrisku egoeran edo gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta emateko, 10 plaza Oinarri eguneko zentroan eta 3 plaza laguntzadun bi etxebizitzatan.
  • Horren guztiaren ondorioz, 205 plazara igarotzen da egoitza arreta, 56 plaza eguneko zentroetan, eta batez beste 200 pertsona arreta anbulatorioko eta komunitarioko zerbitzuetan.

2024

  • lan estrategiko berria hedatzen da, eraldaketarako eragile izateko Ikuspegia duena, beste eragile eta erakunde batzuekin sarean lan eginez, gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.
  • Patronatua berritzen da.
  • Fundazioaren jarduera eremua kultura, hezkuntza, kirola eta ekonomia sektoreetara zabaltzen da.
  • Emaus Gizarte Fundazioaren eta “Koopera Servicios Ambientales”en arteko ABEEa eratzen da, bi erakundeek kudeatzen dituzten hondakinak batera tratatzeko eta, ondorioz, hondakinak tratatzeko bi planta irekitzeko: Bat Urnietan, tamaina handiko eta tresna elektriko eta elektronikoen tratamendurako, eta beste bat Errenterian, ehungintza alorrerako.
  • Copreci enpresak eta bazkide multzo batek gidatutako LIFE proiektu europarra abiarazten da, non, adimen artifiziala bezalako teknologia berriak erabiliz, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetatik abiatuta ekodiseinatutako produktu berriak fabrikatzea bilatzen den.