Kultura parte-hartzaile eta inklusiboaren II NOMADA jaialdia

Kultura parte-hartzaile eta inklusiboaren II NOMADA jaialdia

Zinemaz, musikaz, dantzaz, antzerkiz eta muralismoz betetako 9 egun, artisten eta gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen arteko lankidetzari esker.

Azaroaren 6tik 15era, Emaus Gizarte Fundazioak Nomada Jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du. Kultura parte-hartzaileko gune hori Arrasaten, Derion, Errenterian eta Irunen barrena ibiliko da, eta gizarteratzea sustatzeko diseinatutako diziplina anitzeko programa izango du. Komunitate inklusiboagoak eta kohesionatuagoak irudikatzeko eta eraikitzeko apustu kolektiboa da, artea eta kultura gizartea eraldatzeko motor izango dituena, Emaus Gizarte Fundazioak denboran zehar lankidetza komunitarioa ehundu duen udalerrietan.

Aitziber Zubillaga, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia: “Jaialdi hau Fundaziotik bultzatzen ditugun programa moten adibide bat da, kultura- eta gizarte-agendatik kanpo geratzen diren errealitateak dituzten pertsonei protagonismoa eta ahotsa ematen zaien espazioak sortzen baititu. Komunitate bidezkoak, inklusiboak eta kohesionatuak eraikitzea sustatzeko topaketa bat izan dadin nahi dugu”.

Askotariko eta diziplina anitzeko programa

Sorkuntza-aniztasunari eta tokiko kultura-eskariari erantzun nahian, eta herritarren parte-hartze handiagoa bultzatzeko, diziplina anitzeko programa osatzea erabaki da, zinema, musika, antzerkia, dantza eta muralismoa barne hartuko dituena, kasu askotan, solasaldi batez lagunduta.

Berezitasun gisa, nabarmentzekoa da Arrasaten, Errenterian eta Irunen Botikin Nomada aurkeztu dela; Emaus Gizarte Fundazioaren programa sozialekin lotura duten pertsonek sorturiko tresna artistiko bat, bizikidetza eta bizitza komuna hobetzeko “erremedioak” biltzen dituena. Jaialdian zehar, botikin hori herritarren eskura egongo da, beren ekarpenak egin eta beren komunitateko konponbideak erakuts ditzaten.

4 kokaleku, 4 programa

Udalerri guztietan antolatuko dira jarduerak tokiko artistekin eta kolektiboekin elkarlanean; era horretan, elkarrizketa eta sorkuntza bateratua sustatuko dira. Edonola ere, leku bakoitzean egun jakin batzuetan egingo dira, eta kultura-eskaintza ere desberdina izango da horietako bakoitzean.

Antolatzailea: Emaus Gizarte Fundazioa

Finantzatzaileak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu Saila eta KUTXA Fundazioa.

Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila eta Arrasate, Errenteria, Derio eta Irungo Udalak.