Arrakastaz amaitu ditugu ate irekiko jardunaldiak hondakinak tratatzeko Errenterian eta Urnietan ditugun zentroetan, 2.500 tona kudeatzeko gaitasuna dutenak

Arrakastaz amaitu ditugu ate irekiko jardunaldiak hondakinak tratatzeko Errenterian eta Urnietan ditugun zentroetan, 2.500 tona kudeatzeko gaitasuna dutenak

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez, Emaus Gizarte Fundazioak eta Koopera Ingurumen Zerbitzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntzarekin, ate irekiko jardunaldiak antolatu ditugu, Errenteriako eta Urnietako tratamendu-zentroetan. Bisitak azaroaren 18tik 21era bitartean egin dira, eta topagune izango dira ekonomia zirkularreko eta gizarteratze- eta laneratze-arlo publiko eta pribatuko eragileentzat eta inguruko ikastetxeetako ikasleentzat.

Hilaren 18ko eta 19ko jardunaldiak bertaratu diren biztanle taldeei egokituta egin dira, eta ordubete eta ordu eta erdi arteko iraupena izan dute. Sektoreko profesionalek, laneratzeko enpresek, ekonomia zirkularreko elkarteek eta erakundeek gertutik ezagutu ahal izan dituzte laneratzeko enplegu-aukerak eta prestakuntzako eta trebakuntzako ibilbideak, tamaina handiko hondakinak, GEEHak eta ehungintzako hondakinak bildu, tratatu eta merkaturatzeko jardueren bidez sortzen direnak.

Azaroaren 20an eta 21ean, gaztetxoen txanda izan da. Errenterian, herriko Oiartzo ikastolako ikasleak hartu ditugu, eta Urnietan, Salestarren ikastetxekoak. Guztira, 15 eta 16 urte bitarteko 40 ikaslek hondakinen kudeaketa gertutik ezagutzeko aukera izan dute, eta horrek gaiarekiko ardura hartzen lagunduko die, gazte-gaztetatik.

Aitziber Zubillaga, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia, eta Pedro Carrasco, Koopera Ingurumen Zerbitzuen harreman instituzionalen arduraduna: “Jardunaldiak aukera aparta dira ingurumen-kudeaketako eta hirugarren sektoreko eragileok aurrean ditugun erronkak partekatzeko, ehungintzako eta bolumen handiko baliabideen eta GEEHen kudeaketak gure lurraldean eragiten dituen erronkak partekatzeko, alegia, eta aurrera egiteko berrerabilpen-tasa handitzeko eta hondakinen kopurua murrizteko bidean. Eta hori guztia, ekonomia sozialeko enpresen bidez, gizarteratzeko aukera soziolaboralak sortuz”.

José Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatua: “Emaus Gizarte Fundazioaren eta Koopera Ingurumen Zerbitzuen hondakinak tratatzeko instalazio berriak aurrerapen esanguratsua dira Gipuzkoako hondakinen kudeaketa jasangarrian. Instalazio horien bidez, ekonomia zirkularra sustatzen eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat lan-aukerak sortzen ari gara. Mota honetako ekimenak funtsezkoak dira eredu ekonomiko jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioan aurrera egiteko, Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren helburuekin bat. Horrenbestez, Jasangarritasun Departamentutik, ingurumena babesten eta gizarteratzen lagunduko duten proiektuak babesten jarraituko dugu”.