Aldundiak eta Emaus Gizarte Fundazioak hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzen dute Gipuzkoan, hitzarmen baten bidez
Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak eta Emaus Gizarte Fundazioak lurraldeko Ekocenterren sarea indartu dute, 100.000 euroko hitzarmena eta bultzada ekonomikoa sinatuz, ehungintza, tamaina handiko produktuak eta TEEHak (tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak) berrerabiltzeko jarduera sustatzeko.
Hitzarmen honen helburu nagusia da udal hondakin mota batzuen berrerabilera eta birziklapena sustatzea, Ekocenterren bidez, eta, horrela, Gipuzkoako plangintza estrategikoarekin bat eginez, zeinak identifikatu baitu horrelako establezimenduen beharra hondakinen kudeaketa hobetzeko eta praktika jasangarriak sustatzeko.
Alde horretatik, Jose Ignacio Asensio Iraunkortasun diputatuak adierazi duenez, “akordio honek iraunkortasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin dugun konpromisoa islatzen du. Ekocenterrak funtsezkoak dira hondakinak murrizteko eta Gipuzkoan berrerabiltzearen kultura sustatzeko”. Era berean, foru arduradunak azaldu duenez, “prebentzioa da Europako hondakinen hierarkiaren lehen faseetako bat, eta Ekocenterrek eginkizun garrantzitsua betetzen dute hondakinen sorreraren prebentzioan eta materialen berrerabilpenean”.
Bestalde, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari Aitziber Zubillagak berrerabilpenean eta birziklatzean egiten den lana nabarmendu du: “Ingurumen-inpaktua murrizten laguntzeaz gain, gizarteratze-lanpostuak sortzen ditu gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat, eta herritarren kontzientziazioa sustatzeko topagunea dira, hezkuntza, kultura, kirola, enpresak eta abarren eremuko komunitateko eragileekin lankidetzan egindako programen bidez, pertsona guztien artean ingurumena zaintzen duen eta gizarte justuagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa bihurtzeko lan egiten duen lurralde baterantz aurrera egiteko”.
Hitzarmenaren arabera, Emaus Gizarte Fundazioak hainbat jarduera garatuko ditu bere Ekocenterretan, besteak beste honako hauek eginez: hondakinak sailkatu, ezaugarritu eta balorizatu, bigarren eskuko produktuak berrerabiliz eta merkaturatzea sustatuz; arte-erakusketa batzuk egin, artearen bidez ingurumen-prebentzioa eta -sentsibilizazioa sustatzeko; konponketaren kultura sustatu, herritarrei oro har irekitako brikolajeko prestakuntza-jardueren bidez, objektuen bizitza erabilgarria luzatzeko; pieza eta osagaien berreskurapena kudeatu; eta eskola-taldeei eta elkarteei zuzendutako bisita gidatuak egin.
Beste berri interesgarri batzuk