25_N

Emakumeen etxegabetzearen atzean, askotan, indarkeria matxista dago

Indarkeria matxista eta emakumeen etxegabetzea estu lotuta daude, nahiz eta harreman hori askotan ikusezin geratzen den. Emakume batzuek etxea galtzen dute indarkeria-egoeretatik ihes egiteko; beste batzuek, berriz, indarkeria-egoeretan jarraitzen dute, etxerik gabe geratzeko beldurrez eta beste bizileku-aukerarik ez dutelako. Bi errealitate horiek agerian uzten dute indarkeria-egoera batetik ateratzeko nahia ez dela nahikoa: horretarako baldintzak eta benetako aukerak ere behar dira.

Azaroaren 25aren harira, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Itsas-Etxearen arduraduna den Arantxa Etxeberriak errealitate horren inguruan hausnartu du, eta indarkeria-egoeretatik ateratzeko emakumeek aurkitzen dituzten oztopoak nabarmendu ditu: “mendekotasun ekonomikoa, lan-prekarietatea, zaintza-erantzukizunak, babes-sareen falta, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak edo osasun-egoerak, besteak beste, emakumeen aukerak mugatzen dituzten faktoreak dira. Ez dira arazo indibidualak, baizik eta genero-desberdintasunetan eta egiturazko baldintzetan sustraitutako errealitateak”.

Itsas-Etxea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren titularitatepean eta Batuz Gizarte Fundazioak kudeatuta, babesgabetasun edo/eta gizarte-bazterketa egoera larrian dauden emakume helduei zuzendutako egoitza-baliabidea da. 2018an sortu zenetik, 154 emakumeri eskaini die babes eta bizikidetza-espazio bat, beren egoera pertsonala berreraikitzeko prozesuan laguntzeko.

Arreta 24 orduz eta urteko 365 egunetan eskaintzen da. Hala ere, lana ez da soilik ostatu eta oinarrizko beharrak bermatzea: emakume bakoitzaren egoera, beharrak, interesak eta erritmoak kontuan hartuta, banakako esku-hartzea lantzen da, hainbat arlotan, hala nola osasunean, egonkortasun emozionalean, prestakuntzan, laneratzean, baliabide ekonomikoetan, etxebizitzan eta harreman sozialetan.

Indarkeria-egoera batetik ateratzea ez da etxez aldatzea soilik. Etxebizitzaz gain, laguntza psikologikoa eta soziala, baliabide ekonomikoak, babes-sareak eta etorkizunari buruz erabakitzeko benetako aukerak behar dira.

Horregatik, esku-hartzearen erdigunean emakumeak beraiek daude: ez dugu haien ordez bidea egiten, haien ondoan baizik, beren bizitzaren protagonismoa, erabakimena eta eskubideak berreskuratzeko bidean.