Badator Mozorrotruk! Mozorroen azoka jasangarria

Imagen Mozorrotruk 2025

Mozorroen bigarren eskuko azoka eta trukaketa Inauteri jasangarriago bat izateko

Ba al dakizu dagoeneko zertaz mozorrotuko zaren aurten? MOZORROTRUK azokan 200 mozorrotik gora dauzkagu 2025eko inauterietan berriz biziak eta gozatuak izatearen zain. Denetarik aurkitu ahal izango duzu bertan: mozorro osoak, pieza solteak, osagarriak edota zure jantzi berezi eta jasangarria sortzeko zatiak ere.

Mozorroen dohaintzak egin edo bata bestearengatik trukatu nahi dutenentzako jasoketa puntua ere izango da azoka, eta horretarako edukiontzi berezi bat egongo da salerosketa zein lantegi espazioen ondoan.

Gainera, zure mozorroari konponketaren bat egin nahi badiozu edo goitik behera eraldatu, doako bi lantegi ireki egingo ditugu ere, jostun profesional batek lagunduak eta beharrezko makina, tresna eta materialekin hornituak.

  • Josketa lantegi irekia: mota guztietako konponketak egiteko.
  • Upcycling lantegi irekia: mozorro zaharra beste berri batean bihurtzeko.

Behin MOZORROTRUK bukatuta, saldu gabe geratuko diren mozorroak baita dohaintzan utzi direnak ere, Emaus Gizarte Fundazioaren dendetan jarriko dira salgai beste aukera baten bila.

NON eta NOIZ?

  • Kokapena: Medialab pareko distribuidorean, Tabakalerako 2. solairuan.
  • Datak eta ordutegiak:

MOZORROTRUK (bigarren eskuko mozorroen azoka eta trukaketa)

  • Otsailak 20, 21 eta 22 
  • Otsailak 27, 28 eta martxoak 1 
  • Ostegun eta ostiralak: 17:30 – 19:30 | Larunbatak: 11:00 – 13:00

KONPONKETA eta upcycling lantegi irekiak

  • Otsailak 22 | 11:00 – 13:00
  • Otsailak 27 | 17:30 – 19:30

 INGURUNEAN, GIZARTEAN ETA EKONOMIAN ERAGINA DUEN EKIMENA

MOZORROTRUK Medialab Tabakalera, Impact Hub Donostia eta Emaus Gizarte Fundazioaren elkartetik sortutako ekimena da, eta bere helburua dibertigarria, inklusiboa eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izango duen inauteria bultzatzea da.

Bigarren eskuko praktikek eta elkartrukeak daukaten eragin positiboa balioan jartzen duen ekimena da MOZORROTRUK,  gero eta nabarmenagoa den moda jasangarri zein kontsumo arduratsurako joerarekin bat egiten duelarik. Mundu mailan ehungintza industria kutsakorrenetakoa den testuinguru batean, honen moduko egitasmoek materialen berrerabilpena sustatu eta hondakinak gutxitzeko benetako alternatiba bat eskaintzen dute. Mozorroen bizitza luzatzeaz gain, gure gizartean errotuak dauden kontsumo ohiturek ingurumenean daukaten talkari buruzko gogoeta zabaltzeko topagune sortzaile bat erraztu nahi dugu. Xede hori Medialab Tabakalerararen beste hainbat foro eta jardueretan ere oinarrizkoa da, eta Impact Hub Donostiak bultzatzen dituenen ardatza da ere.

Era berean, ekonomia zirkularreko praktika hauen bitartez, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonaen lan merkaturatzea laguntzen dugu, Emaus Gizarte Fundazioaren gizarteratze enpresen bidez.

Egizu bat MOZORROTRUKekin eta sortu dezagun elkarrekin jasangarriago, inklusiboago eta sortzaileago izango den Inauteria!

Oharra: azkoan zein lantegietan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, bertaratzearekin nahikoa izango da.