Lankidetza publiko-pribatuari esker birziklaturiko 1.300 poltsa egin ditugu egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean elikagaiak banatzeko, elikagaien bankuaren bitartez

foto de familia

Jasangarritasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisoaren erakusgarri, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.300 poltsa birziklatu entregatu dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, Zinemaldiarekin, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet enpresarekin batera. Poltsa horiek Zinemaldiko alfonbra gorriarekin eta berriz erabilitako amarratze-ehunetik abiatuta egin dira, eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen artean elikagaiak banatzeko erabiliko dira.

Poltsak emateko ekitaldian izan dira Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusi Aitziber Zubillaga, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belén Méndez de Vigo eta SpanSet enpresa gipuzkoarraren Jasangarritasun zuzendari Puy Vielba. Jasangarritasunaren, kulturaren eta gizarte-ekintzaren esparruan funtsezko figura horiek duten parte-hartzeak azpimarratzen du sektoreen arteko lankidetzak gizartean inpaktu positiboa sortzeko duen garrantzia.

Emaus Gizarte Fundazioaren gizarteratzeko eta laneratzeko tailerrean egin dira poltsa horiek, eta 345 ordu sortu dira enplegu inklusiboan eta aukera berriak eman zaizkie gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonei. Ekimen horri esker, 276 kg hondakin eta ehunen 415 kg sortzea saihestu da, eta materialak berrerabiltzea sustatu da, lurraldean ekonomia zirkularraren eredua indartuz.

Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusi Aitziber Zubillagakhonak honako hau azpimarratu du: “Proiektu hau zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako aukera berriak sortzeko adibide argia da. Erakunde publiko, pribatu eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetzari esker, materialei bigarren bizitza bat emateaz gain, gizartean eredu zirkularragoetara eta inklusiboagoetara begiratzea ere bultzatzen da. Horrekin batera, eta ekintzaren beraren zuzeneko eraginaz gain, eragin inspiratzailea sortzen da, eta horrek erakunde eta pertsona gehiago animatzen ditu eraldaketa horrekin bat egitera. Erronka handia da, eta egunero egiten dugu lan, sarean eta modu berritzailean”.

Erakunde publikoen, enpresen eta gizarte-entitateen arteko lankidetzari esker, proiektu honek ekonomia sozial eta zirkularraren printzipioen adibideak ematen ditu, eta Gipuzkoan etorkizuneko ekimen jasangarrietarako oinarriak ezartzen ditu.